Zurekin eta zure erritmoan laguntzeko sortutako bidea

Batzuetan, barruan zer gertatzen zaigun ulertzea kostatu egiten da. Estresa pilatzen da, emozioak nahastu egiten dira, eta harremanetan ere nabaritzen da. Kanpotik dena “ondo” eramaten ari garela dirudi, baina barrutik nekea, blokeoa edo deskonexioa sentitzen dugu.

Horregatik egiten dut egiten dudana.

Nire lana da emakumeei, nerabeei eta hezkuntza-komunitateei laguntzea, barruan gertatzen dena entzuten, ulertzen eta eraldatzen, gorputza, emozioak eta harremanak batera landuz.

Eider Zuriarrain naiz

Euskal Filologia ikasi nuen, eta ondoren Itzulpen Masterra egin nuen. Nire lehen urte profesionalak hizkuntzaren eta hezkuntzaren inguruan egin nituen: itzulpen lanetan eta gero ikastetxeetan, DBH eta Batxilergoko ikasleekin.

Urte luzez irakasle aritu ondoren, konturatu nintzen hezkuntzan askotan alderdi kognitiboa lantzen dugula batez ere, baina pertsonen ongizatea ez dela burutik bakarrik eraikitzen. Gorputza, emozioak eta harremanak ere erdigunean jarri behar dira.

Barruan sentitzen nuen nik beste zerbait ere eskaini nezakeela.

Nire bidean izan zen aldaketa

Denbora luzez zalantzan ibili nintzen: irakaskuntzan jarraitu ala nire bide propioari ekin. Beldurrak agertzen ziren: egonkortasuna, dirua, seme-alabak, etorkizuna…

Eta, hala ere, barruan bazegoen zerbait mugitu nahi zuena.

Lehengusu baten heriotzak barrutik astindu ninduen, eta gau batean, ilargi betea zela, argi sentitu nuen: hura zen unea. Une hartan erabaki nuen nire bideari lekua ematea.

Erabaki horrek ez zuen esan beldurrik ez zegoenik. Baina bai esan zuen barruak esaten zidanari kasu egiten hasi nintzela.

Nik ere egin behar izan dut bidea

Pedagogia Sistemikoa eta Biodantza ezagutu aurretik, nire barruari ez niola kasurik egiten esango nuke.

Nekatuta egonda, aurrera.
Gaizki egonda, aurrera.
Gorputza kexatzen bazen ere, aurrera.

Dena kanpora begira: besteak zaintzen, besteentzat egoten… eta ni neu ahaztuta.

Formazioek eta bizipenek erabat aldatu ninduten. Gelditzen ikasi nuen. Arnasa hartzen. Sentitzen. Gorputzak zer esaten zuen entzuten. Eta nire burua zaintzen, besteak zaintzeari utzi gabe.

Horregatik, gaur egun, ez dut teoriatik bakarrik laguntzen: bizipenetik ere laguntzen dut.

Nola egiten dut lan

Nire saioetan, pertsona osotasunean hartzen dut kontuan:
gorputza, emozioak, harremanak eta bizi duen testuingurua.

Gaur egungo erritmoan dena azkar nahi dugu, baina gorputzak beste denbora bat behar du. Buruak zerbait ulertu dezake berehala; gorputzak, berriz, ulertutakoa integratzeko eta asimilatzeko, denbora gehiago behar du.

Horregatik, nire saioetan ez dugu “azkar konpontzea” bilatzen. Prozesua hau da:

  • gelditzea,
  • entzutea,
  • sentitzen ikastea,
  • eta barruan dagoenari tokia egitea.

Hortik hasten dira aldaketak.

Norekin egiten dut lan

Bere burua hobeto ulertu nahi duen jendearekin lan egitea gustatzen zait. Bereziki:

  • estresak gainezka egiten dionean,
  • harremanetan blokeatzen denean,
  • barruan zer sentitzen duen argi ez duenean,
  • edo bere bizitzan aldaketa bat egin nahi duenean.

Horregatik, hiru bide nagusitan eskaintzen ditut saioak:

Bakarkako saio
terapeutikoak

Estresa, emozioak eta blokeoak gorputzetik lantzeko, zure erritmoan eta espazio seguru batean.

Autoezagutza eta ahalduntze saioak

Taldean, gorputzaren bidez, norbere burua hobeto ezagutzeko eta harreman osasuntsuagoak eraikitzeko.

Hezkuntza-komunitaterako elkarbizitza saioak

Guraso, ikasle eta irakasleentzat, eguneroko harremanak, mugak, konfiantza eta estresa lantzeko.

Zergatik nirekin

Hezkuntzan urte askotan aritu naiz lanean, eta urte horietan pertsonen, taldeen eta harremanen errealitatea gertutik ezagutu dut. Horri gehitzen zaizkio nire formakuntzak:

  • Pedagogia Sistemikoa
  • Biodantza
  • Gorputzarekin eta terapia korporalarekin lotutako etengabeko formazioak

Baina, horrez gain, badago beste zerbait:
nik ere barrutik egin behar izan dut bidea. Eta badakit zein garrantzitsua den norbaitek epaitu gabe, presarik gabe eta benetako presentziarekin laguntzea.

Scroll to Top